eu | es |
  • Udako goizak gozatzeko aukera zabala

    Udako goizak gozatzeko aukera zabala

    Uda garaia iristearekin batera, eskola amaitu eta guraso askok haurrak herrian bertan antolatzen dituzten udalekuetara bidaltzen dituzte. Mota desberdinetako udalekuak daude gainera Beasainen. Ehunka haur dabiltza herriko udalekuetan, goiz-pasa. Aukera oso zabala da, gainera; sei leku ezberdinetara eraman daitezte etxeko txikiak. Alde batetik, hiru ikastetxeek antolatu dituzten udalekuak: Alkartasuna Lizeoak, Andramendi Ikastolak eta Murumendi ikastetxeak. Bestalde, Ttiklik Elkargunean, Antzizar kiroldegian eta Musika Eskolan ere egiten ari dira udalekuak.

    Andramendi Ikastolan 40 haur inguruk izen eman dute aurten. Ekainaren 22an hasi zituzten eta uztailaren 26ra arte egoteko aukera izango dute haurrek. Hiru edo bost asteko udalekuak zituzten aukeran. Ikastetxe honetan, LHko ikasleek ingelesezko udalekuak dituzte aukeran.

    Bertan, eguneko lehen bi ordu eta erdi aritzen dira ingelesez eta zirkoa eta malabareak egiten dituzte, besteak beste. Ostiraletan irteerak egiten dituzte. Haur Hezkuntzakoek, Plisti-Plasta ekimenaren barruan, igerilekura joaten dira astean bitan.

    Alkartasuna Lizeokoetan 90 haurrek eman dute izena eta ekainaren 24tik uztailaren 19ra bitartean egongo dira, hamabostalditan banatuta. Lizeokoen esanetan «haurren harremanak sendotzeko eta euskara sustatzeko» dira batez ere. Horrez gain, eskulanak, irteerak, tailerrak, ur-jolasak, sukaldaritza eta beste hainbat ekintza ere egiten dituzte.

    Lizeoko haurrek ere ingelera gehiago ikasteko aukera dute udalekuetan, eta LHko 20 haurrek aukeratu dute hala egitea. Irakasleek beti ingeleraz egiten diete haurrei.

    Murumendin ere ari dira udalekuak egiten, bi urtetik zortzi urtera bitarteko 35 haur. Igerilekutxo bat jartzen diete haurrei eta bertan freskatzen dira haurrak. Herri kirolak, Uraren Eguna, birziklapenarekin lotutako jolasak, eskulanak, irteerak eta ingeleraz saioak ere egiten dituzte.

    Sanferminak direla ospatzea oso gustuko izaten dute haurrek, eta udalekuetan tarte berezia ematen zaie gehienetan. Beasaingo udalekuetan ere halaxe da, «haurren jolasik gogokoenetakoa» dela diote begirale askok; «batzuk zezenez eta besteak korrikalariz mozorrotu eta elkarri segika ibiltzea eta elkar toreatzen ibiltzea, batez ere», diote.

    Beste mota batetakoak
    Musika Eskolan jada amaitu dituzte udalekuak. Lau urtetik 12 urtera bitarteko 66 haur egon dira udaleku musikaletan. Joan den ostiralean amaitu zuten hamabostaldia eta bertan, haurrek abestiak eta koreografiak ikasi dituzte, plazan jolasean ibili dira eta udalekuetako azken egunean gurasoei emanaldia eskaini zieten, ikasitakoa plazara ateraz.

    Musika Eskolako irakasleen esanetan, «udaleku hauen helburua ez da musika instrumentu zehatz bat jotzen ikastea; musikarekin gozatzen irakastea baizik. Horregatik instrumentu sinpleak jotzen dituzte».  Piano Studiok eta Xabier Lizasok antolatu dituzte eta musika klasikoa maitatu, sentitu, ezagutu, ulertu eta bizitzeko helburua  dute.

    Ohiko udalekuek ematen ez duten beste ezaugarri batzuk dituzte Ttiklikeko udalekuek ere. Hamabi haur dabiltza bertan, ekainaren 24tik uztailaren 26ra. Haurren emozioak eta zentzumenak lantzea dira udaleku hauen helburuetako batzuk, elkarrekin ondo pasatuz. Horretarako mota askotako jolasak eta ikastaroak egiten dituzte; tartean yoga.

    Haurrek Ttikliken bazkaltzeko aukera izaten dute, eta bertan prestatzen duten janari makrobiotikoa. Gainera, gurasoei ere jangela makrobiotikoan bazkaltzeko aukera ematen zaie. Ostiralero txangoak egiten dituzte Ttiklikekoek.

    Beasaingo haur gehien biltzen dituen udalekuak Antzizar kiroldegikoak dira. Bertan 250 haur inguru dabiltza. Hamabost eguneko bi txandatan daude banatuta udalekuak eta haur gehienak bi txandetan daude izena emanda. Txanda horien barruan mota ezberdinetako udalekuak ari dira egiten, haurrek aukeratutako kirolen eta adinaren arabera.

    Aukera zabala
    Antzizar kiroldegiko eskaintzaren barruan lau udaleku mota ari dira egiten: 2008 eta 2009 urteetan jaiotakoek jolasak, psikomotrizitatea eta igeriketa egiten dute, Kolonia Txikin. 2007-2005 urteen artean jaiotakoak tenisa, jolasak eta igeriketa, Kirol Kolonian. 2004tik 1999ra bitartean jaiotako  batzuk tenisa, jolas alternatiboak eta ur festa ari dira egiten Kirol Festan. Kirol Abentura izeneko beste aukera bat ere badago 2004tik 1999ra jaiotakoentzako. Bertan eskalada, arku tiraketa eta multiekintzak egiten dituzte. Uztailaren 22tik 30era egingo den hirugarren txandan izen ematea oraindik zabalik dago.

    Goizetarako dagoen udaleku eskaintza zabal ikusita, haurrek ez dute, beraz, etxean aspertuta daudela egoteko aitzakiarik Beasainen.

Leave a reply

Cancel reply