
ANTZIZAR KIROLDEGIAN ESPARRU BERRIA
Beasaingo Udalaren Kirol Zerbitzuko Fundazio Publikoko Zuzendaritza Batzordeak erabaki du egun erabilerarik ez duen igerileku zaharraren ontziaren tokian kirolerako esparru berri bat sortzea. Erabaki honen bidez adostu da bertan Gipuzkoako Herri Kirolakeko Teknifikazio Zentroa, Beasaingo eskoletako ikasleen kirol jarduerak eta kiroldegiko erabiltzaile ororen behin behineko jarduerak ere hartzeko esparrua sortzea.
Fundazioaren funtsezko eginzkizunak dira udalerrian hezkuntza fisikoa eta kirola eragin eta sustatzea bere maila eta espezialitate guztietan, baita Antzizar Kiroldegiaren eta udalerriko beste kirol eta jolas instalazioen kudeaketa eta eskuduntza esleituak dituzten edota arlo funtzional honetan zerbitzuak prestatzen dituzten erakundeekin elkarlana egitea. Bere helburuak betetzeko, obrak, zerbitzuak eta hornidurak kontratatzeko ahalmena du Fundazioak. Ekimen hau erakundeen arteko proiektua da eta Fundazioaren eskumeneko arlo honetan zerbitzuak prestatzen dituzten erakundeen artean elkarlana egitea beharrezko denez, proiektua exekutatzeak suposatuko duen koordinazio lana errazteko asmoarekin, obrak egiteko eta instalazioa kudeatzeko, Udalak bere Fundazioa erabiliko du.
Behar izanen programa:
Berriztatzearen helburu behinena herri kiroletan jarduteko egoitza iraunkorra sortzea da. Gainera herriko eskoletako ikasleen kirol jarduerak ere bertan txertatzea erabaki du, eta harago, kiroldegiko erabiltzaile ororen behin behineko jarduerak ere hartzeko aukera zabaltzea. Ondorioz, instalakuntza berriak hainbat funtzio beteko ditu.
Batetik, herri kirolei dagokienez:
– teknifikazio zentroa eta kirolarien entrenamendurako egoitza iraunkorra;
– eskoletan herri kirolak sustatzeko programa ibiltariaren egoitza iraunkorra;
– herri kirol emanaldien egoitza, erabilera osagarri gisa bada ere.
Bestetik, erabilera orokor gisa:
– eskola-kirolerako kantxa: haurren saski-baloia, esku-baloia eta abar hartzeko;
– kiroldegiko erabiltzaileen jarduera anitzak: gimnasia eta era guztietako soinketa.
Proiektuaren deskribapena:
Egungo igerilekuaren ontzia eta haren egitura eraitsi egingo dira, bertan kiroletan jardun ahal izateko jokalekua edo pista edo kantxa sortuko delarik. Horretan datza, funtsean, garatu nahi den berriztatzea, nahiz eta beste hainbat lan osagarri ere beharrezkoak izango diren. Horrela, 25 x 12 metro inguruko jokalekua edo probalekua sortuko da, 300 m2 inguru beraz, 7,2 metroko altuera librea izango duena zorutik sabaira.
Fundazioko Zuzendaritza Batzordeak 2014ko uztailaren 29an onartu du ASTAZALDI ARK S.L.P, idatzitako ANTZIZAR KIROLDEGIAN BERRIZTATZE proiektua, baita obrak egiteko plegu administratiboak.
Obren aurrekontua: 428.183,70 €.
Instalazioa 2014-2016 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planean txertatua dago eta ondorioz aldundiaren ekarpena izango du.