
BEASAINGO MENDI ASTEA
Arrastaka Mendi Taldeak Beasaingo VIII Mendi Astea antolatzen du, azaroaren 9tik 14ra. Mendizaletasunaren alderdi desberdinen gaineko emanaldiak ikusi ahal izango dira: eskalada, mendiko eskia, goi mendiak.
Programaren barnean lau ikusentzunezko izango dira, azaroaren 9, 10, 11, 12an, arratsaldeko 19:30ean. Aurtengo berrikuntza, emanaldien lekua izango da: aurtengoan Igartza Jauregian izango dira aurkezpenak. Horrez gain, azaroaren 14an, larunbata, Beasaingo rokodromoan eskalada egiteko aukera izango da.
Arrastaka Mendi Taldearekin batera, antolakuntzan gonbidatu modura arituko dira Unai Mendia/David Lopez “Tron”, Iban González eta Josema Casimiro.
Mendi Astearen lehenengo ekitaldia azaroaren 9an izango da, astelehenean, eta Arrastaka Mendi Taldeak ‘Ekintzaz betetako urte bat’ ikusentzunezkoa aurkeztuko du. Mendiko segurtasunaren inguruan egindako ikastaroak eta urtean zehar igotako mendiak, eskaladak edo zeharkaldiak agertuko dira.
Asteartean, hilak 10, eskaladaren inguruan arituko gara, eta Unai Mendiak eta David Lopezek (“Tron”) “Eskaladaz betetako bizitza bat” ikusentzunezkoa eskainiko digute.
Unai Mendiak eta David Lopezek ez dute aurkezpen handirik behar eskaladaren munduan: izotzetan nahiz harkaitzetan ibilbide luzea egindakoak dira, beti konpromiso handiko bide zail eta gogorrei helduz. Ikusentzunezko honetan beren esperientziak erakusten dituzte, eta eskaladaren munduan egin dituzten ekintza esanguratsu batzuk kontatuko dizkigute.
Asteazkenean, hilaren 11n, Iban Gonzalez iruindarrak “Eskia Norvegian eta Pirinioetan” izeneko lana aurkeztuko digu. Iban Gonzalezek mendizaletasuna bete betean bizi du, mendiko eskian ere ibiltzen da, eta gainera, mendiari buruzko liburuak ere baditu argitaratuak.
Emanaldiak bi zati izango ditu: lehenean Norvegiako Artikoan izandako esperientzia kontatuko da, eta bigarrenak Pirinioetako ekintzak izango ditu ardatz. Honela hitz egiten du Iban Gonzalezek Norvegiako Artikoaz: “Hara eskiekin joatea aspaldiko ametsa genuen, eta azkenean iaz lortu genuen. Lyngen-eko alpeetan izan ginen, Norvegiako ipar-iparreko muturrean. Eskualde horretan mendiak fiordoetatik abiatzen dira, eta glaziarrak ia itsas mailaraino iristen. Gailurretik itsas bazterreraino eskiatzeko aukera dago, Artikoko argitasun magikoan bilduta”. Ikusentzunezko ederra izango da.
Ostegunean, hilaren 12an, azkeneko emanaldian, “K2: Mendirik mendiena” izeneko aurkezpena ikusi ahal izango dugu, Josema Casimiroren eskutik.
K2 mendiaren inguruan historia gogoangarriak badira, eta haietako bat biziberritu nahi dugu, belaunaldi gazteek bidea ireki zutenen erreferentzia izan dezaten. 1986an Nafarroako bi mendizalek K2 mendira egin zuten igoeraz ari gara: urte hartan, ekainaren 23an, Josema Casimiro eta Mari Abrego munduko bigarren mendi garaienera igo ziren, K2ra (8.611 m). Historian gordetzeko moduko igoera izan zen.
Nabarmendu beharreko mendi-denboraldia izan zen urte hartakoa K2 inguruan. Zentzu guztietan gainera: hogei lagun baino gehiagok lortu zuten gailurra; baina hamar baino gehiagok galdu zuten bizia.
Bi mendizale nafarrek beren amets bat bete ahal izan zuten, K2ra igotzea, eta dokumentalean beren esperientzia kontatzen zaigu. “Orduan ez zen esan, baina lehenengo aldia izan zen K2ra oxigenorik gabe eta era alpinoan igotzen zela. Eta gerora ere ez dira horrelako igoera asko izan”. Jaitsiera, berriz, infernu bat izan zen, eguraldi txarraren ondorioz. Gogoan dute nola oinarrizko kanpamendura iristean, medikuek bi egunez jan gabe egoteko agindu zieten, urdailean arazoak izan zitezkeelako; edo Renato Casarottok nolako besarkada eman zien, bizirik itzuli zirela ikustean, eta nola, Iruñera itzultzean, beren lagun italiarraren heriotzaren berri izan zuten, K2tik jaistean arrakala batera erorita… Oroitzapen eta kontu asko azaleratzen dira Casimirok eta Abregok – 80etako hamarkadako Nafarroako mendizale-bikote onenetakoa- hilabete haietako esperientzien irudiak azaltzen dizkigutenean, beren ilusioekin eta beldurrekin, nekearekin eta pozarekin, amets bat lortu nahian.
Azkenik, azaroaren 14an, larunbata, eta Beasaingo Mendi Astea amaitzeko, Antzizar kiroldegiko rokodromoan ate irekien eguna izango da, eta haurrek nahiz helduek eskalada probatzeko aukera izango dute, goizean 10etatik 14etara, eta arratsaldean 16etatik 19:30era; kirol honetara hurbiltzeko eta nolakoa den ezagutzeko aukera paregabea.